2014(e)ko azaroaren 18(a), asteartea

EMOZIOAK LEHEN HEZKUNTZAN

Lehen Hezkuntzan garrantzitsua da emozioak izendatzea, besteen emozioak ulertzea, enpatia agertzea eta zeure emozioak erregulatzea. Horretarako egoera naturalak baliatu daitezke (ikasle berri bat etorri izana, lagun arteko gatazkak eta abar), edo irakaslearen proposamenak bestela. Ipuinak egokiak dira adin honetan ere, edota filmatzea (izugarri gustatzen zaie, gainera): emoziozko egoera bat antzeztarazi (esaterako, haserre egoera), filmatu eta gero ikusi zer jarrera ez ziren egokiak eta zein izan daitezkeen alternatibak. Edota kaxa bat jarri gelan ikasleek euren kezkak bota ditzaten anonimoki, eta gero gai horiei buruz hitz egin. Adin honetan garrantzia hartzen duten gaiak hauek dira: bazterketa, lagunen burla, autoestimua (soziala eta akademikoa).

Argazkia hemendik aterata


Beste funtzio bat da emozio moralak (esaterako kulpa, lotsa edo urguilua) garatzea eta egoki baliatzea. Kulpa sentitzea ona da, eta sanoa da inork mina eragin duenean kulpa sentiaraztea (bestearen lekuan jarriaraziz, haren sufrimenduarekin enpatizatuz), eta funtsezkoa da kulpa erregulatzen, egindako kaltea konpontzen eta barkamena eskatzen irakastea. Urguilua ere landu beharreko emozioa da; urguilua beharrezkoa da, eta haur denek dute harro sentitzeko eskubidea (bereziki gehiegi nabarmentzen ez direnek). Haur denek ematen dute nahiko motiborik, alor batean ez bada bestean, bere lana edo jarrera goraipatzeko. Arrakastagatik harro sentitzea klabea da barne-motibaziorako eta autoestimurako, eskola porrota saihesteko oinarrizkoak direnak. (Mari Jose Ortiz, Psikologia doktorea)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina